Bezperak
V/. Zatozkit
lagun, ene Jainko.
R/. Jauna,
zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
ZATOZ, JAUNA!
Zatoz, Jauna! /
Gaur zai duzu mundua,
—zorigaitzez /
hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! / Zabal, otoi, zerua:
—Etor bedi /
Zure erreinua.
Zatoz, Jauna! / Nausi bait da dirua:
—jendea maiz /
dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, /
behartsuen oihua:
—Etor bedi /
Zure erreinua.
Zatoz, Jauna! / Hor gabiltza gauez gau:
—piztu gugan /
fedearen sua.
Zatoz, Jauna! / Argi ezazu mundu hau:
—Etor bedi /
Zure erreinua.
Zatoz, Jauna! / Maitasunez gu bete:
—jendeek elkar /
ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! /
Zuk bat egin mundua:
—Etor bedi /
Zure erreinua.
Zatoz, Jauna! / Lokarriak Zuk hautsi.
—Munduz mundu / bihotzetan mintza.
Zatoz, Jauna! / Ager zaitez, ta jaitsi.
—Etor bedi /
Zure erreinua.
SALMOAK
1 Ant. Itxaropen
zoriontsua itxaroten dogu, gure Salbatzailearen agerraldi ospetsua.
61 Salmoa
Nire barruak
Jainkoagan baino ez dau atsedena,
Harengandik nire salbazinoa.
Bera baino ez dot harkatx
eta salbazino,
nire babes: ezin naiteke kolokatu.
Noiz arte erasoko
deutsazue
gizon bakarrari,
danak batera ha lurreratu nahian,
horma okertuaren,
harresi arrakalduaren antzean?
Ni nire gaindegitik
trokaratzea dabe
asmo bakarra,
guzurra jake atsegin,
ahoz onetsi egiten dabe,
eta bihotzez gatxetsi.
Jainkoagan baino ez eizu
izan atseden, ene barrua,
Harengandik jatort-eta
itxaroten dodana.
Bera baino ez dot harkatx
eta salbazino,
nire babes: ezin naiteke kolokatu.
Jainkoagan daukadaz
edertasuna
ta salbazinoa,
Jainkoa da nire arkatx sendo,
nire iheslekua.
Itxaroizu Harengan
atergabe, herria,
isuri eizue Haren aurrean gogoa,
guk ihesleku Jainkoa.
Gizakumeak arnasa huts
dira,
handikiak, itxura;
danak batera pisuan ipinita,
arnasea baino arinago dira.
Ez itxaron zapalkerietan,
ez alperrik harrotu harrapakinetan,
ondasunak gora badoaz
ez eurei lotu.
Berba bat esan dau Jainkoak,
eta nik bi honeexek entzun:
«Jainkoarena dala indarra,
eta zeurea grazia, Jauna,
eta Zeuk emoten deutsazula bakotxari
bere eginakaitik dagokiona».
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Itxaropen
zoriontsua itxaroten dogu, gure Salbatzailearen agerraldi ospetsua.
2 Ant. Agertu
deigula Jainkoak aurpegi alaia, eta bedeinkatu gaizala.
66 Salmoa
Erruki bekigu Jainkoa,
bedeinkatu gaizala,
agertu deigula aurpegi alaia;
ezagutu daien lurrean zure bidea,
herri guztietan
Zugandiko salbazinoa.
Ene Jainko, ospatu
zaiezala herriek,
ospa zaiezala herri guztiek.
Poztu beitez kantari
atzerriak,
zuzenbidez daroazu-ta izadia;
zintzo dozuz-eta gidatzen herriak,
eta zaintzen lurrean atzerriak.
Ene Jainko, ospatu
zaiezala herriek,
ospa zaiezala herri guztiek.
Lurrak bere uzta emon dau,
Jainkoak, gure Jainkoak,
bedeinkatzen gaitu.
Jainkoak bedeinkatu gaizala,
lur-bazter guztiek bildur deutsoela.
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Agertu
deigula Jainkoak aurpegi alaia, eta bedeinkatu gaizala.
3 Ant. Gauza
guztiak Beraren bidez dira eginak, eta guztiek diraue Berarengan.
Kantika
Eskerrak emoten deutsaguz
Aita Jainkoari,
argian, santuen oinorde-lagun
egin gaituanari.
Ilunpearen menpetik atara gaitu-ta,
eta bere Seme maitearen
erreinura aldatu.
Honexengan dogu erospena,
Honexengan pekatuen parkamena.
Hau, Jainko ikusi-ezinaren irudi da,
sorkari guztietan lehen-semea.
Beronen bidez dira-ta eginak
gauza guztiak,
zeru-lurretakoak, agiri diranak
eta ez diranak:
Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak;
gauza guztiak Beraren bidez
eta Berarentzat dira eginak.
Diran guztiak baino lehenago da Bera,
eta guztiek diraue Berarengan.
Gorputzaren buru ere Bera da,
Eleizaren buru, alegia.
Bera da hasiera,
hilen arteko lehen-semea,
diran guztietan
Bera izan dadin lehenengoa.
Jainkoaren gogoko izan da-ta
betearen betea Harengan egotea,
eta Haren bidez, gauza guztiak
Berekin adiskidetzea;
Haren kurutzeko odolaz
bakeak eginik,
zeru-lurretan diran guztiekin.
Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez orain eta beti
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Gauza
guztiak Beraren bidez dira eginak, eta guztiek diraue Berarengan.
Jainkoaren hitza
1 Kor 4, 5
Ez daizuela ordua baino lehen epaitu;
itxaron Jauna etorri arte. Berak argituko dau ilunpean dagoana, eta agertuko
ditu bihotzetako asmoak; eta orduan jasoko dau bakotxak Jainkoagandik bere
saria.
Galderantzuna
V/. Zure
indarrari eragiozu, gudari taldeen Jainko, * erdu eta salbau gaizuz.
R/. Zure
indarrari eragiozu, gudari taldeen Jainko, * erdu eta salbau gaizuz.
V/. Salbau gaitezan zure begia leun agertu eizu.
R/. Erdu
eta salbau gaizuz.
V/. Aintza
Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Zure
indarrari eragiozu, gudari taldeen Jainko, * erdu eta salbau gaizuz.
Magn. ant. Barritua izango zara,
Sion, eta ikusiko dozu zugana datorren Zintzoa.
Lk 1, 46-55
Handiesten dau nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat nire barrua;
Jainkoa da-ta nire salbamena,
ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.
Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
bildur deutsoenengana.
Bere besoaren indarra erabili dau,
buru harroak triskatu dauz;
bota dauz euren aulkitik handikiak,
eta gora jaso dauz ezerezak;
ondasunez bete dauz gosez egozanak
eta esku hutsik bialdu asko eukenak.
Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
errukia gogoratu jakola;
gure gurasoei halan eutsen emon berbea,
Abrahami eta ondorengoei betiko esana.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Barritua izango zara, Sion, eta ikusiko dozu
zugana datorren Zintzoa.
Eskariak
Senide maiteok, egin deiogun
otoitz, pekatuaren ilunpetatik atara gaituan Jesu Kristori, uste onarekin dei
eginez:
Zatoz, Jesus Jauna.
—Batu eizuz,
Jauna, lur guztietako herriak, * eta egizu hareekin betiko alkartea.
—Munduko
pekatua kentzera etorri zinan Jainkoaren Bildots Horrek: * kendu gugandik, txarkeriaren
ondoren guztiak.
—Galdu ziranak
ber-erostera etorri zinan Horrek: * barriro zatorkiezanean, ez zigortu ber-erosiak.
—Orain gure
sinismenez lortu nahi dogun betiko poza, * etorri zaitezanean, izan daigula.
—Biziak eta
hilak epaitzera etorriko zaran Horrek: * hartu eizuz gure hildako guztiak, zoriontsuen
artean.
Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Jainko ahalguztiduna, Kristo
Jaunari bidea prestatzeko agintzen deuskuzu; ez gaizuzala laga gure makaltasunagaitik
etsitzen, bestela baino: sendo iraunazo gaizuz, zeruko sendagilea gu
bizkortzera noiz etorriko dan zain gagozanok. Zure Seme Jesu
Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko
eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin
V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
Aitak eta Semeak eta Espiritu
Santuak.
R/. Amen.
V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.