2026/08/27

Jaunaren Jaiotza II

II. Bezperak

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.
Alleluia.
 

GORATZARREA


      GAUR IKUSIKO DUZUE

—  Gaur ikusiko duzue Haren dirdaia,
      hona hemen zuen Jaungoikoa.
—  Gaur jaio da gure Salbatzailea,
            Kristo Jauna.
—  Jaunak dio: Zu zera nire Seme,
—  egun zaitut Nik Zu erne,
—  jaiotegunetik zera Errege.

—  Gaur ikusiko duzue argia,
      hona hemen zuen Jaungoikoa.

—  Gaur jaio da gure Salbatzailea,
—        Kristo Jauna.
—  Argitik argi, gizartean gizon,
      haur bat jaio zaigu, Seme bat eman:

—  «Bake-Seme» du izena.

—  Bakea lurrean gizonei,
—  aintza Jainkoari.
      Gaur jaio da gure Salbatzailea,
—        Kristo Jauna.
—  Urak itsasoa betetzen duen bezala,
—  bakeak hala hartuko du lurra.
—  Hau da Jaunak egin-eguna.

—  Berri on bat hotsegiten dizuegu:
—  hona hemen zuen Jaungoikoa.
—  Gaur jaio da gure Salbatzailea,
—        Kristo Jauna.
—  Argitik argi, gizartean gizon,
—  haur bat jaio zaigu, Seme bat eman:
      «Bake-Seme» du izena.


SALTERIOA

1 Ant. Handiki Zu jaiotegunetik Santu-dirdaian, ihintza lez sortuazo zaitut artizarraren aurrean.

Sal 109

Hona, Jaunak esana nire Jaunari
      «Jesarri zakidaz eskoian,
      zure etsaiak oin-aulki
      jartzen deutsudazan bitartean».

Siondik zabalduko dau Jaunak
      zure aginte makilaren indarra:
      «Izan zaitez nagusi
      zure etsaien artean».

Handiki zu jaiotegunetik
      santu dirdaian,
      ihintza lez sortuazoko zaitut
      artizarraren aurrean.
      Jaunak zin egin dau
      eta ez jako damutuko:
      «Melkisedeken sailean
      abade zara zu behin betiko».

Nire Jauna zure eskoian:
      zapalduko ditu erregeak
      hasarre-egunean.

Bidean doala,
      errekan edango dau ura,
      horregatik jasoko dau burua.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.

Ant. Handiki Zu jaiotegunetik Santu-dirdaian, ihintza lez sortuazo zaitut artizarraren aurrean.

 

2 Ant. Jaunagan dago errukia, Harengan askatasun ugaria.

129 Salmoa

Barru-barrutik dagizut oiu Zuri, Jauna,
      entzun, Jauna, nire berbaroa.
      Begoz erne zure belarriak,
      nire oihu eskarira.

Gure erruak
      gogoan badaukazuz, Jauna,
      nor dagoke zutunik, Jauna?
      Baina parkamena Zeugan daukazu,
      Zu begirunez zerbidu zaiguzan.

Jaunagan itxaroten nago,
      nere barrua
      Haren hitzaren zain dago.
      Gau-mutila goiz argiaren zain dago:
      nire gogoa Jaunaren zainago.

Gau-mutila goiz argiaren zain dago:
      halantxe bego Israel Jaunaren zain.
      Jaunagan dago-ta errukia,
      Harengan askatasun ugaria;
      Berak itziko dau Israel askaturik
      egin dauzan hoben guztietatik.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zan bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.

Ant. Jaunagan dago errukia, Harengan askatasun ugaria.

 

3 Ant. Hasieran, mendeak baino lehen, Jainko zen Hitza, eta gaur Hitz hau munduaren Salbatzaile jaio da.

Kantika: Kol 1, 12-20

Eskerrak emoten deutsaguz
      Aita Jainkoari,
      argian, santuen oinorde-lagun
      egin gaituanari.

Ilunpearen menpetik atara gaitu-ta,
      eta bere Seme maitearen
      erreinura aldatu.
      Honexengan dogu erospena,
      Honexengan pekatuen parkamena.

Hau, Jainko ikusi-ezinaren irudi da,
      sorkari guztietan lehen-semea.
      Beronen bidez dira-ta eginak
      gauza guztiak,
      zeru-lurretakoak, agiri diranak
      eta ez diranak:
      Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak;
      gauza guztiak Beraren bidez
      eta Berarentzat dira eginak.

Diran guztiak baino lehenago da Bera,
      eta guztiek diraute Berarengan.
      Gorputzaren buru ere Bera da,
      Eleizaren buru, alegia.
      Bera da hasiera,
      hilen arteko lehen-semea,
      diran guztietan
      Bera izan dadin lehenengoa.

Jainkoaren gogoko izan da-ta
      betearen betea Harengan egotea,
      eta Haren bidez, gauza guztiak
      Berekin adiskidetzea;
      Haren kurutzeko odolaz
      bakeak eginik,
      zeru-lurretan diran guztiekin.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Hasieran, mendeak baino lehen, Jainko zen Hitza, eta gaur Hitz hau munduaren Salbatzaile jaio da.
 

Jainkoaren hitza

1 Jn 1, 1-3

      Hasieratik zana, guk entzun doguna, eta geure begiz ikusi doguna, guk begiratu genduana, eta geure eskuek ikutu ebena, hau da, biziaren Hitza, autortzen deutsuegu eta iragarten —agertu egin zan-eta bizia, eta guk ikusi egin dogu bizi hori; Aitagan egoan eta guri azaldu egin jakun—. Geuk ikusi eta entzun dogun hori da iragarten deutsueguna, guk Aitarekin eta Haren Seme Jesu Kristorekin dogun alkartean geugaz bat eginik bizi izan zaitezen. 

Galderantzuna 

V/. Hitza haragi egin zan * Alleluia, alleluia.
R/. Hitza haragi egin zan * Alleluia, alleluia.

V/. Eta geure artean jarri eban bizilekua.
R/. Alleluia, alleluia.

V/. Aintza Aitari eta Semeari, eta Espiritu Santuari.
R/. Hitza haragi egin zan * Alleluia, alleluia.

 

Magn. ant.  Gaur Kristo jaio da. Gaur Salbatzailea agertu da. Gaur lurrean aingeruek kantatzen dabe, pozik dira goi-aingeruak. Gaur pozez jauzika dabiltza zintzoak, esanez: Aintza zeruetan Jainkoari, alleluia.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.   Gaur Kristo jaio da. Gaur Salbatzailea agertu da. Gaur lurrean aingeruek kantatzen dabe, pozik dira goi-aingeruak. Gaur pozez jauzika dabiltza zintzoak, esanez: Aintza zeruetan Jainkoari, alleluia.

 

Eskariak

      Pozez jauzika, ospatu daigun Kristo, Haren jaiotzan, aingeruek munduari bakea iragarri eutsoen-eta; guk, beraz, bihotzez eskatu deiogun:

      —On guztiz bete eizu, Jauna, zure Eleizea, * zure jaiotzaren misterioaz alaitu
—dozu-ta.

      —Artzainen nagusi eta arimen zaindari etorri zinan; * egizu, Aita Santua eta Gotzaiak zure graziaren zabaltzaile zintzo izan daitezala.

      —Betirauneko errege izanik, gure izatearen muga estuetan sartu nahi izan zendun; * argal eta hilkor garanok, egin gaizuz zure betikotasunaren erdikide.

      —Mendeetan zehar, gizakiak Zure zain egon ondoren, sasoia heldu zanean etorri zinan Jauna: * agertu zakiez, oraindik Zure zain dagozanei.

      —Gizon eginik, heriotzeak hondatutako gure izakia osatu egin zenduan; * emoiezu hildakoei zure salbazino betea.
 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza
 

      Jainko Jauna, urtero poztutzen gaituzu gure erospenaren itxaropenez; iguzu, Salbatzaile lez pozik hartzen dogun zure Seme maitea, bildurrik barik ikusi daigula, Epaile lez etorri daitenean. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
        Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.