2026/08/26

Abenduaren 17an

Bezperak

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.
Alleluia.
 

GORATZARREA

Zatoz, Kristo

17 – O Sapientia 

—Betiereko Zuhurtzia, 
——Aitaren Mintzo bizia:
——
Zatoz, Kristo, zatoz!
—Zuk indarrean zer bihotza!
——Zuk bihotzean indar gaitza.
—
Ager, oi Jauna, gure artean,
——
zure besoak aska gaitzan.

 

Salterioa:   3. asteko egunekoa
(Astelehena, Martitzena, Eguaztena, Eguena, Barikua)


Jainkoaren hitza

1 Ts 5, 23-24

     Bakearen Jainkoak berak oso-osorik santu egin zaizela, eta zaren guztiak —gorputz eta arima— errubako iraun daiala, Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera arte. Leiala da dei egin deutsuena, eta beteko dau emondako berbea. 

Galderantzuna 

V/. Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.
R/. Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia. 

V/. Emoiguzu zure salbazinoa.
R/. Zure onginahia. 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.
 

Magn. ant.  Oi Jakituria, Goi-goikoaren ahotik urtendakoa! Muga batetik besteraino indartsu zabalduz, dana antolatzen dozu bizkor eta gozo: Erdu, eta erakutsi eiguzu salbazino-bidea. 

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
      errukia gogoratu jakola;
      gure gurasoei halan eutsen emon berbea,
      Abrahami eta ondorengoei betiko esana.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Oi Jakituria, Goi-goikoaren ahotik urtendakoa! Muga batetik besteraino indartsu zabalduz, dana antolatzen dozu bizkor eta gozo: Erdu, eta erakutsi eiguzu salbazino-bidea.

 

Eskariak

     Zain dagozan guztien poza ta atsegina dan Kristori egin deiogun dei, esanez:

Zatoz, Jauna, ez luzatu.

—Pozik gagoz zure etorreraren zain: * zatoz, Jesus Jauna.

—Mendeen aurretik zaran Hori: * zatoz, gu, mende honetakoak, salbatzera.

—Mundua eta munduan bizi diran guztiak egin zenduzan Hori: * zatoz, zure eskuen lana ber-erostera.

—Guk bizia oparo izatearren etorri zinan Hori: * zatoz zure betiko bizia emotera.

—Gizaki guztiak zure erreinuan batzea nahi dozun Hori: * zatoz eta batu eizuz zure aurpegia ikusi nahi daben guztiak.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza
 

         Gizakiaren egile eta salbatzaile zaran Jainko, betirauneko Hitza dan zure Semea Maria beti Birjinearen sabelean gizon egitea nahi izan dozu; entzun gure otoitzak, eta iguzu gugaitik gizon egin zan Kristo zure Seme bakarrak, bere antzera zure seme-alaba egin gaizala. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.