2026/08/23

Abendualdiko I. Domekea II

II. Bezperak

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.

 

GORATZARREA


ZATOZ, JAUNA!

Zatoz, Jauna! / Gaur zai duzu mundua,
—zorigaitzez / hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! / Zabal, otoi, zerua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Nausi bait da dirua:
—jendea maiz / dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, / behartsuen oihua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Hor gabiltza gauez gau:
—piztu gugan / fedearen sua.
Zatoz, Jauna! / Argi ezazu mundu hau:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Maitasunez gu bete:
—jendeek elkar / ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! / Zuk bat egin mundua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Lokarriak Zuk hautsi.
—Munduz mundu / bihotzetan mintza.
Zatoz, Jauna! / Ager zaitez, ta jaitsi.
—Etor bedi / Zure erreinua.

 Zatoz, Jauna! / Maitasunez gu bete:
—jendeek elkar / ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! / Zuk bat egin mundua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

 

SALMOAK


1 Ant.
 Poztu zaitez, Siongo alaba; egizu poz-jauzi, Jerusalemgo alaba, alleluia.

Sal 109

Hona, Jaunak esana nire Jaunari
      «Jesarri zakidaz eskoian,
      zure etsaiak oin-aulki
      jartzen deutsudazan bitartean». 

Siondik zabalduko dau Jaunak
      zure aginte makilaren indarra:
      «Izan zaitez nagusi
      zure etsaien artean».

Handiki zu jaiotegunetik
      santu dirdaian,
      ihintza lez sortuazoko zaitut
      artizarraren aurrean.
      Jaunak zin egin dau
      eta ez jako damutuko:
      «Melkisedeken sailean
      abade zara zu behin betiko».

Nire Jauna zure eskoian:
      zapalduko ditu erregeak
      hasarre-egunean.

Bidean doala,
      errekan edango dau ura,
      horregaitik jasoko dau burua.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Poztu zaitez, Siongo alaba; egizu poz-jauzi, Jerusalemgo alaba, alleluia.

 

2 Ant. Badator Kristo gure Erregea: Joanek etortekoa zala iragarri eban Bildotsa.

Sal 113a

Israel-herriak urten ebanean Ejiptotik,
      Jakob-en etxeak erbestetik,
      Juda bihurtu jakon jauretxe,
      Israel, bere lurralde. 

Ikustean, itsasoak ihes,
      atzera egin eban Jordanek.
      Mendiek jauzi egin eben
      ahariek lez,
      munoek, arkumeek lez.

Ihes zoaz, itsaso, zergaitik?
      Jordan, atzera zergaitik?
      Zergaitik egin jauzi, mendiak,
      ahariek lez?,
      munoak, arkumeek lez?

Ikaratu zaitez, lurra, Jaunaren aurrean,
      Jakoben Jainkoaren aurrean.
      Harek harkatxa ur-barruti
      bihurtzen dau-ta,
      hatxa, ur-iturri.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Badator Kristo gure Erregea: Joanek etortekoa zala iragarri eban Bildotsa.

 

3 Ant. Berehala nator, eta Neugaz dakart nire saria, bakotxari bere egiteen neurrian ordaintzeko.

           Kantika (Ikus Apk 19, 1-7)

Alleluia.
Salbamena, aintza ta indarra gure Jainkoarenak:
Haren epaiak egiazkoak eta zuzenak
R/. Alleluia.  

Alleluia.
Goretsi eizue gure Jainkoa Haren morroi guztiok,
txiki eta handi, Haren bildur zarienok.
R/. Alleluia. 

Alleluia.
Errege izaten hasia da-ta Jauna,
gure Jainko aalguztiduna.
R/. Alleluia. 

Alleluia.
Poztu gaitezan eta alaitu,
Bera daigun goratu.
R/. Alleluia.  

Alleluia.
Heldu dira-ta bildotsaren ezteguak:
horra apaindurik Haren emaztegaia.
R/. Alleluia. 

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

 Ant. Berehala nator, eta Neugaz dakart nire saria, bakotxari bere egiteen neurrian ordaintzeko.

Jainkoaren hitza

2 Kor 1, 3-4

      Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita, errukiaren Aita, eta poz guztien Jainkoa! Berak pozten gaitu-ta saminaldi guztietan, guk ere besteak edozein saminalditan poztu ahal izan daiguzan, Jainkoagandik geuk hartu dogun pozarekin.
 

Galderantzuna 

V/.  Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.
R/.  Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.

V/.  Emoiguzu zure salbazinoa.
R/.  Zure onginahia.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.

 

Magn. ant.   Ez izan bildurrik, Maria; Jainkoaren ederra aurkitu dozu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, alleluia.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
      errukia gogoratu jakola;
      gure gurasoei halan eutsen emon berbea,
      Abrahami eta ondorengoei betiko esana.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Ez izan bildurrik, Maria; Jainkoaren ederra aurkitu dozu. Begira, sabelean sortu eta semea izango dozu, alleluia.


Eskariak

      Bidea, egia eta bizia dan Jesu Kristo gure erosleari otoitz egin deiogun, esanez:   

Erdu, Jauna, eta egon geugaz.

    —Jesus, Goi-goikoaren Seme, Gabrielek Maria Birjinari emondako berbea: * erdu zure herriaren betiko errege izatera.

    —Zu, Jainkoaren Santua, Joan Bateatzaileak amaren sabeletik pozez ezagutu zinduzana: * zatoz, salbazinoaren poza mundu guztiari emotera.

    —Jesus, Salbatzaile, Jose santuari zure izena aingeruak agertu eutson: * erdu zure herria bere hobenetatik salbatzera.

    —Simeonek eta zintzo guztiek itxaron eben munduko Argi: * erdu, gu alaitzera.

    —Gerizperik bako Eguzki, gugana goitik etorri behar zendula Zakariasek iragarri ebana: * erdu, heriotzaren gerizpean dagozanak argitzera.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
 

Otoitza:

         Jainko ahalguztiduna, emoiezu zure fededunei euren egintza onekin Kristoren bidera urteteko gogoa, egun baten, Haren eskoialdean jarririk, zeruko erreinua jadetsi daien. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak: 
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.