2026/08/24

I. Eguena

Bezperak

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.
 

GORATZARREA

ZATOZ, JAUNA!

Zatoz, Jauna! / Gaur zai duzu mundua,
—zorigaitzez / hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! 
/ Zabal, otoi, zerua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Nausi bait da dirua:
—jendea maiz / dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, / behartsuen oihua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Hor gabiltza gauez gau:
—piztu gugan / fedearen sua.
Zatoz, Jauna! 
/ Argi ezazu mundu hau:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Maitasunez gu bete:
—jendeek elkar / ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! / Zuk bat egin mundua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Lokarriak Zuk hautsi.
—Munduz mundu / bihotzetan mintza.
Zatoz, Jauna! 
/ Ager zaitez, ta jaitsi.
—Etor bedi / Zure erreinua.

1 Ant. Dei egin deutsut eta osatu egin nozu, Jauna; eskerrak emongo deutsudaz beti.

29 Salmoa

Goretsiko zaitut, Jauna,
      onik atara nozulako,
      etsaiak  ez dituzulako
      nitaz pozten laga.

      Jauna, ene Jainko, dei egin deutsut,
      eta osatu egin nozu.
      Jauna, Lezatik atara dozu nire bizia,
      zulora doazenengandik
      bizirik gorde nozu.

Eresi eiozue, zintzoak, Jaunari,
      emon eskerrak Haren izen santuari.
      Une baterako da Haren hasarrea,
      bizitza guztirako Haren on izatea.
      Negarra dator arratsaldean,
      baina poza goizean.

Hauxe esan neban nire lasai unean:
      «Ez naz kolokatuko sekulan».
      Jauna, ospea ta indarra emon zeustan
      zure onginahian;
      baina zure aurpegia gorde zenduan,
      eta larritu egin nintzan.

Zuri deika egon nintzan, Jauna,

      erruki-eske nire Jainkoari:
      «Zer irabazten dozu nire odolarekin?
      Ni zulora jaistearekin?

Goretsiko ete zaitu hautsak?
      Zintzo agertuazoko ete zaitu?
      Entzun niri eta nitaz erruki, Jauna,
      izan zakidaz laguntzaile, Jauna».

Negarra, dantza bihurtu deustazu,
      zakua erantzi,
      eta poza jantzi deustazu.
      Nire bihotzak egin beizu atergabe eresi,
      Jauna, ene Jainko,
      eskerrak nik Zuri beti.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Dei egin deutsut eta osatu egin nozu, Jauna; eskerrak emongo deutsudaz beti.
 

2 Ant.  Bai dohatsu, Jaunak errurik leporatzen ez deutson gizakia.

 31 Salmoa

Bai dohatsu,
      gaiztakeria parkatu jakona,
      hobena estaldu jakona.
      Bai dohatsu, Jaunak errurik
      egozten ez deutson gizakia,
      barrenean iruzurrik ez dauana.

Ixilik nengola
      nire hazurrak ihartzen ziran,
      egun oro intzirian.
      Gau ta egun zure eskua
      nire gainean astun nebala,
      nire indarrak makaldu ziran
      udako sargoritan lez.

Nire hobena autortu deutsut,
      nire errua ez deutsut ezkutatu.
      «Autortuko deutsat —esan neban—,
      Jaunari nire gaiztakeria»,
      eta Zuk parkatu egin zeustan
      nire hobenaren txarkeria.

Horregatik zintzoak larrialdian
      Zuri otoitz egingo;
      uholdea oldartzean
      urik ez jako helduko.
      Zeu zaitut ihesleku:
      estualditik Zeuk babesten nozu,
      askatasun-pozez inguratzen.

Eskolatuko zaitut, bidea erakutsiko,
      begiok zeugan kokatuz irakatsiko.
      Ez izan zentzungabe,
      zaldi eta mandoen antzera,
      hareen indarra hedez eta ahokoz
      hezitzen da-ta,
      bestela ez jatzuz hurreratzen.

Gaiztoak neke asko ditu,
      Jaunagan itxaropen dauana, barriz,
      maitasunak inguratuko dau.

Poztu zaiteze eta alaitu Jaunagan,
      zintzoak,
      egizue pozez oihu,
      bihotz zuzeneko guztiak.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Bai dohatsu, Jaunak errurik leporatzen ez deutson gizakia.


3 Ant.  Jaunak emon deutsoz agintaritza, ospea ta erreinua, eta herri guztiek zerbituko dabe.

           Kantika: Apk 11, 17-18; 12, 10b-12a

Eskerrak emoten deutsuguz, Jauna,
      bazaran eta bazinan
      Jainko ahalguztiduna;
      zure ahalmen handiaz
      jabetu zara-ta,
      eta errege izaten hasia zara.

Haserretu ziran atzerriak,
      baina heldu da zure haserrea,
      eta hilak epaitzeko ordua;
      heldu jake sari-ordua
      zure zerbitzari profetei,
      eta santu eta zure izenaren
      bildur diranei,
      txikiei nahiz handiei.

Orain etorri da salbamena,
      gure Jainkoaren
      indarra ta erregetza,
      eta bere Kristoren ahalmena;
      jaurtia izan da-ta
      gure senideen salatzailea,
      gure Jainkoaren aurrean,
      gau ta egun, salatzen zituena.

Hareek azpiratu dabe Bildotsaren odolaz,
      eta emon daben autormenaz:
      euren bizia ez dabe-ta izan maiteago,
      heriotza baino.

Poztu zaiteze, beraz, zeruak,
      eta euretan bizi zareenak.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant.  Jaunak emon deutsoz agintaritza, ospea ta erreinua, eta herri guztiek zerbituko dabe.


Jainkoaren hitza

St 5, 7-8.9b

      Senideok: Izan eizue iraupena Jaunaren etorrera arte. Begira zelan egoten dan nekazaria, lurrak dakarren uzta ederraren zain, goiz-euria eta berant-euria itxaroten dituela iraupenez. Izan eizue, beraz, zuek ere iraupen; egon sendo, Jaunaren etorrerea urrean da-ta. Begira, epailea ate-ondoan dago. 

Galderantzuna 

V/. Zure indarrari eragiozu, gudari taldeen Jainko, * erdu eta salbau gaizuz.
R/. Zure indarrari eragiozu, gudari taldeen Jainko, * erdu eta salbau gaizuz.

V/. Salba gaitezan zure begia lehun agertu eizu.
R/. Erdu eta salbau gaizuz.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Zure indarrari eragiozu, gudari taldeen Jainko, * erdu eta salbau gaizuz.

Magn. ant.  Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua.

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi 
†
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua.


Eskariak

      Senide maiteok, otoitz egin deiogun Kristori, heriotza-ilunpean egozanei Profetek iragarritako Argi handiari, eta esan deiogun:

Erdu, Jesus Jauna.

      —Jainkoaren Hitza, hasieran guztia egin zenduana, eta azken-egunetan gure izaera hartu zenduana: * erdu, eta atara gaizuz heriotzatik.

      —Gizaki guztiak argitzen dauzan egiazko Argi: * erdu, eta urrundu eizuz gugandik gure ezjakinaren ilunpeak.

      —Aitaren altzoan zagozan Seme bakar Hori * erdu, eta erakutsi eiguzu Jainkoaren onginahia.

      —Gizonaren Seme lez gugana etorri zaran Jesu Kristo: * Zu hartzen zaitugunok egin gaizuz Jainkoaren seme-alaba.

      —Espetxeetako ateak zabaltzen dituzun Horrek: * hartu eizuz eztegu-mahaian, ate-joka daukazuzan gure hildakoak.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

      Agertu eizu, Jauna, zure ahalmena, eta lagundu eiguzu zure indar handiaz; gure pekatuek galazoten daben salbazinoa, zure errukiaren graziak laster erazi daian. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
       Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.