2026/08/26

4. Domekea I.

I. Bezperak

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen.
Alleluia.

 

GORATZARREA

ZATOZ, JAUNA!

Zatoz, Jauna! / Gaur zai duzu mundua,
—zorigaitzez / hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! / Zabal, otoi, zerua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Nausi bait da dirua:
—jendea maiz / dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, / behartsuen oihua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Hor gabiltza gauez gau:
—piztu gugan / fedearen sua.
Zatoz, Jauna! / Argi ezazu mundu hau:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Maitasunez gu bete:
—jendeek elkar / ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! / Zuk bat egin mundua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Lokarriak Zuk hautsi.
—Munduz mundu / bihotzetan mintza.
Zatoz, Jauna! / Ager zaitez, ta jaitsi.
—Etor bedi / Zure erreinua.

 

SALMOAK

1 Ant. Eskatu eizuez Jerusalementzat bakerako diranak.

121 Salmoa

Ha bai poza nirea, esan eustenean:
      «Bagoaz Jaunaren etxera».
      Oraintxe heldu dira gure oinak,
      Jerusalem, zure atarira.

Jerusalen uri lez da jasoa.
      dan-dana batean batua.
      Leinuak, Jaunaren leinuak,
      bertara igoten dabe,
      Israelen lege danez
      Jaunaren izena ospatzera.
      Bertan dago ipinita auzi-mahaia,
      Davideneko mahaia.

Eskatu eizuez Jerusalementzat
      bakerako diranak:
      «Lasai bizi bitez
      Zu maite zaituenak.
      Izan bedi bake zure harresietan,
      lasaitasun zure jauregietan».

Nire anaien eta lagunen aldera,
      hauxe dinot: «bakea zurekin».
      Jaunaren, gure Jainkoaren, etxea
      maite dodalako,
      ondasunak opa ditut zuretzako.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Eskatu eizuez Jerusalementzat bakerako diranak.

 

2 Ant. Egun-sentitik gauera arte, nire gogoa Jaunaren zain dago.

129 Salmoa

Barru-barrutik dagizut oiu Zuri, Jauna,
      entzun, Jauna, nire berbaroa.
      Begoz erne zure belarriak,
      nire oihu eskarira.

Gure erruak
      gogoan badaukazuz, Jauna,
      nor dagoke zutunik, Jauna?
      Baina parkamena Zeugan daukazu,
      Zu begirunez zerbidu zaiguzan.

Jaunagan itxaroten nago,
      nere barrua
      Haren hitzaren zain dago.
      Gau-mutila goiz argiaren zain dago:
      nire gogoa Jaunaren zainago.

Gau-mutila goiz argiaren zain dago:
      halantxe bego Israel Jaunaren zain.
      Jaunagan dago-ta errukia,
      Harengan askatasun ugaria;
      Berak itziko dau Israel askaturik
      egin dauzan hoben guztietatik.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Egun-sentitik gauera arte, nire gogoa Jaunaren zain dago.

 

3 Ant. Jesusen izenera belaun guztiak makurtu beitez zeruan eta lurrean, alleluia.

           Kantika: Flp 2, 6-11

Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera
      bereko izanik,
      ez eutson gogor eutsi
      Jainkoarekin bardin izateari;
      bestetara, baino,
      bereaz hustu egin zan,
      morroi-izaera hartuz,
      eta beste edozein lez azalduz.

Eta gizon lez agerturik,
      apaldu egin eban bere burua,
      menpeko eginez heriotzaraino,
      kurutzeko heriotzaraino.

Horregaitik Jainkoak goratu egin eban,
      eta izen guztien gaieko izena
      emon eutson,
      Jesusen izenera
      belaun guzti makurtu daiten,
      zeruan, lurrean eta lurpean,
      eta mihin guztik autortu daian:
      Jesu Kristo Jauna da,
      Aita Jainkoaren aintzarako.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari. 
       Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Jesusen izenera belaun guztiak makurtu beitez zeruan eta lurrean, alleluia.

 

Jainkoaren hitza

1 Ts 5, 23-24

      Bakearen Jainkoak berak oso-osorik egin zaizela santu, eta zarien guztiak –gorputz eta arima– errubako iraun daiala, Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera arte. Leiala da dei egin deutsuena, eta beteko dau emondako berbea. 


Galderantzuna 

V/. Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.
R/. Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.

V/. Emoiguzu zure salbamena.
R/. Zure onginahia.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.
 

Magn. ant.  (Abenduaren egunekoa: 18 — 19 — 20 — 21 — 22 — 23—).

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
   pozaren pozez daukat nire barrua;
   Jainkoa da-ta nire salbamena,
   ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
   handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
   Santua da Haren izena,
   eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi
†
   bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
   buru harroak triskatu dauz;
   bota dauz euren aulkitik handikiak,
   eta gora jaso dauz ezerezak;
   ondasunez bete dauz gosez egozanak
   eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  (Abenduaren egunekoa: 18 — 19 — 20 — 21 — 22 — 23—).


Eskariak

      Senide maiteok, egin deiogun otoitz, Maria Birjinagandik jaiotako Jesu Kristo Jaunari, eta esan deiogun:

Zatoz, Jesus Jauna.

      —Etortekoa zaran Jainkoaren Seme bakarra, itun barriaren egiazko mezularia: * ezagutu ta hartu zaizala munduak.

         —Aitaren altzoan erne eta Maria Birjinagan gizon egitera etorri zaran Horrek: * gorde gaizuz giza-ustelkeria guztitik.

         —Bizia bera izanik, heriotza jasatera etorri zarana: * heriotzeak ez daiala izan gugaz zerikusirik.

         —Epai-egunean saria Zeugaz etorriko dan ezkero, betor gugana orduan zure errukia, * honexek osatzen dau-ta gure makaltasuna.

         —Heriotzearen bitartez, heriotzatik ataraten gaituzun Jesu Kristo Jauna: * entzun, hildakoen alde egiten deutsugun otoitza.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

      Isuri eizu, Jauna, gure bihotzetan zure grazia; eta aingeruak esanik, zure Seme Jesu Kristo gizon egin dala jakin dogunoi, iguzu, Haren nekaldi eta kurutzearen bidez, heldu gaitezala biztuerearen ospera. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak: 
       Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.