2026/08/23

Abenduko I. Domekea

I. BEZPERAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez orain eta beti
      eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.


Goratzarrea 

 

ZATOZ, JAUNA!

Zatoz, Jauna! / Gaur zai duzu mundua,
—zorigaitzez / hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! / Zabal, otoi, zerua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Nausi bait da dirua:
—jendea maiz / dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, / behartsuen oihua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Hor gabiltza gauez gau:
—piztu gugan / fedearen sua.
Zatoz, Jauna! / Argi ezazu mundu hau:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Maitasunez gu bete:
—jendeek elkar / ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! / Zuk bat egin mundua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

Zatoz, Jauna! / Lokarriak Zuk hautsi.
—Munduz mundu / bihotzetan mintza.
Zatoz, Jauna! / Ager zaitez, ta jaitsi.
—Etor bedi / Zure erreinua.

 Zatoz, Jauna! / Maitasunez gu bete:
—jendeek elkar / ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! / Zuk bat egin mundua:
—Etor bedi / Zure erreinua.

 

SALMOAK

1 Ant. Iragarri eta esan hau herriei: Hara, badator Jainko gure Salbatzailea.

140 Salmoa, 1-9

Jauna, oihuka ñagotzu,
    zatorkidaz berehala,
    entzun nire otoitza;
    deitzen deutsudanean.
    Betorkizu nire otoitza lurruna bezala,
    nire esku-altxatzea,
    arratsaldeko opari bezala. 

Ipini eiozu aho-zain bat
    nire mihinari,
    zaintzaile bat
    nire ezpanetako ateari.
    Ez itzi nire bihotza
    makurtzen txarkeriara,
    gaiztakeria gaiztoz egitera. 

Ezta txarkeria diharduenekaz,
    ez daidala jan hareen janari gizenik.
    Jo naiala zintzoak
    bere ontasunean, eta zentzundu,
    baina gaiztoaren orioak
    ez dau nire burua igurtziko,
    hareen txarkeriapean,
    beti dot otoitz egingo. 

Hareen handikiak
    harkatxetik jausi ziran,
    entzun eben nire hitzak
    zein lehun ziran.
    Hareen hazurrak Leza-ahoan
    sakabanatu dira,
    lurra urratu
    eta hausten danean lez. 

Zeugana bihurtzen dira, Jauna,
    nire begiak,
    Zeugana batzen naz:
    ez galdu nire bizia.
    Gorde naizu ipini deusten ugaletik,
    gaizkileen saretik. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Iragarri eta esan hau herriei: Hara, badator Jainko gure Salbatzailea.

 

2 Ant. Hara, etorriko da Jauna, eta Harekin bere santu guztiak: egun haretan argi handia izango da, alleluia.

141 Salmoa

Oihuka dinotsat Jaunari,
    oihuka eskatzen Jaunari.
    Haren aurrean isurtzen dot
    nire kezka guztia,
    Haren aurrean zabal aitatzen
    nire larrialdia. 

Nire barrena estutzen danean,
    Zuk badakizu nire bidea.
    Nire ibilerako bidean,
    ipini deuste sarea. 

Eskoira begiratu, eta ikusi:
    ez da nitaz arduratzen danik,
    nora ihes eginik ez daukat,
    nire biziaren arretarik
    inork ez dauka.

Zeuri oihuka dihardut, Jauna,
    hauxe dinot: «Nire ihesleku Zeu zara,
    nire ondare bizien lurrean». 

Entzun eizu nire oihua,
    oso dohakabe bihurtua nago-ta.
    Arerioen eskutik atara naizu,
    ni baino bizkorrago dozuz-eta. 

Giltzapetik atara naizu,
    eta zure izena esker onez
    aitatuko deutsut.
    Zintzoek hartuko nabe inguruan,
    on egiten deustazun orduan. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Hara, etorriko da Jauna, eta Harekin bere santu guztiak: egun haretan argi handia izango da, alleluia.

 

3 Ant. Jauna indartsu etorriko da, eta gizaki guztiek ikusiko dabe.

        Kantika:  Flp 2, 6-11

Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera
    bereko izanik,
    ez eutson gogor eutsi
    Jainkoarekin bardin izateari;
    bestetara, baino, bereaz hustu egin zan,
    morroi-izaera hartuz,
    eta beste edozein lez azalduz. 

Eta gizon lez agerturik,
    apaldu egin eban bere burua,
    menpeko eginez heriotzaraino,
    kurutzeko heriotzaraino. 

Horregaitik Jainkoak goratu egin eban,
    eta izen guztien gaineko izena
    emon eutson,
    Jesusen izenera
    belaun guztiak makurtu daitezan,
    zeruan, lurrean eta lurpean,
    eta mihin guztik autortu daian:
    Jesu Kristo Jauna da,
    Aita Jainkoaren aintzarako. 

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jauna indartsu etorriko da, eta gizaki guztiek ikusiko dabe.
 

Jainkoaren hitza

1 Ts 5, 23-24

     Bakearen Jainkoak berak oso-osorik santu egin zaizela, eta zaren guztiak —gorputz eta arima— errubako iraun daiala, Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera arte. Leiala da dei egin deutsuena, eta beteko dau emondako berbea. 

Galderantzuna 

V/. Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.
R/. Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia. 

V/. Emoiguzu zure salbazinoa.
R/. zure onginahia. 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/. Erakutsi eiguzu, Jauna, * zure onginahia.
 

Magn. ant.  Begira, badator Jauna urrundik, eta Haren dirdaiak lurbira osoa argitzen dau. 

Lk 1, 46-55

Handiesten dau nire arimak Jauna,
      pozaren pozez daukat nire barrua;
      Jainkoa da-ta nire salbamena,
      ikusi dau-ta mirabe honen ezereztasuna.

Dohatsu deituko nabe gaurtik gizaldi guztiek,
      handiak egin deustaz-eta Ahalguztidunak:
      Santua da Haren izena,
      eta Haren errukia, gizaldiz-gizaldi †
      bildur deutsoenengana.

Bere besoaren indarra erabili dau,
      buru harroak triskatu dauz;
      bota dauz euren aulkitik handikiak,
      eta gora jaso dauz ezerezak;
      ondasunez bete dauz gosez egozanak
      eta esku hutsik bialdu asko eukenak.

Bere gain hartu dau Israel, bere morroia,
      errukia gogoratu jakola;
      gure gurasoei halan eutsen emon berbea,
      Abrahami eta ondorengoei betiko esana.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Begira, badator Jauna urrundik, eta Haren dirdaiak lurbira osoa argitzen dau.

 

Eskariak

     Zain dagozan guztien poza ta atsegina dan Kristori egin deiogun dei, esanez:

Zatoz, Jauna, ez luzatu.

    —Pozik gagoz zure etorreraren zain: * zatoz, Jesus Jauna.

    —Mendeen aurretik zaran Hori: * zatoz, gu, mende honetakoak, salbatzera.

    —Mundua eta munduan bizi diran guztiak egin zenduzan Hori: * zatoz, zure eskuen lana ber-erostera.

    —Guk bizia oparo izatearren etorri zinan Hori: * zatoz zure betiko bizia emotera.

    —Gizaki guztiak zure erreinuan batzea nahi dozun Hori: * zatoz eta batu eizuz zure aurpegia ikusi nahi daben guztiak.

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza 

         Jainko ahalguztiduna, emoiezu zure fededunei euren egintza onekin Kristoren bidera urteteko gogoa, egun baten, Haren eskoialdean jarririk, zeruko erreinua jadetsi daien. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.